Zadorraren ertzean dagoen herri hau ere agertzen zen Donemiliagako dokumentuan. Arratzuako Ermandadearen partaide izan zen, eta, beraz, Infanterriko Dukearen lurretan zegoen.

Mendibileko lur-eremuan, dokumentazioaren arabera, bi hustutako herri azaltzen dira:

•Sansoeta, Mendibiletik ekialderantz bi kilometrotara zegoen herria. Donemiliagako dokumentuan aipatzen da, monastegiari zerga ordaintzen baitzion. Mendibileko elizan dago ikusgai bertako eliza zaharreko bataiarria, San Estebani eskeinia.

•Iturrain, 1257an jadanik aipatzen dena, “Ytuyraran” grafiaz idatzita, Jeronimo Aznarren Kalagurriko zerrendan. Leku honi buruz, 1844an, Madozek, “Diccionario geográfico”an, Mendibil, Arzubiaga eta Durana artean herri zahar baten aztarnak zeudela dio, bere garaian oraindik Iturrain izena gordetzen zutenak. Basilika baten aurriak zeudela ere esaten du, eta bertan meza ospatzen zela 40 bat urte lehenagora arte, eta komunitateko hiru herriek bertan egiten zituztela batzarrak.