“Luku” izena latineko “lucus”etik datorrela dirudi, gaztelaniazko “lugar”en pareko. Erromatarrentzat “lucus” bat leku berezia zen: toki basotsua, erlijioarekin loturaren bat izan zezakeena, gizakia jainkoekin harremanetan jartzeko aukera ematen zuena. Gaur egun Lukuk hartzen duen lur-eremuan erromatarren aztarnarik aurkitu ez bada ere, oso gertu, Miñao Goienen, II. mendeko aldare erromatar bat dago.

XVI. eta XVII. mendeetako elizaren dokumentuetan, gaur egungo Luku herria toponimo konposatu gisa azaltzen da: “Luco-Arzamendi”.

Era berean, dokumentuetan ageri denez, bi herrigune hauek elkarrekiko independenteak baziren ere, XI. mendean Donemiliagako monasterioko zerga batera ordaintzen zuten.

Aztergai dugun lekua korapilo estrategiko baten erdian dago, arabar komunitateen arteko eta Araba eta Gipuzkoa eta Bizkaia igarota itsasoa lotzen dituen bideen erdian. Luku Uribarri Ganboa herriaren ondo-ondoan dago, leku giltzarria berau, Arlaban zeharkatuta Baionaraino zihoan bidean.

Fray Juan de Vitoriaren esanetan, Lukuko sarreran “Torrebea” zegoen, eta bertan zegoen Lukuko “etxe dorreduna”. Eraikin garrantzitsu bat zen, XV. mendean Ermandadeek eraitsi zutena. Gaur egun ez da eraikinaren aztarnarik gelditzen, baina, seguru asko, bidegurutze honetan defentsarako sortutako eraikina izango zen.

Inguruko pertsonaia garrantzitsuen artean, nabarmendu beharrekoa da Juan Bernal Diaz de Luco. Bere leinuaren eta familiaren jatorria Luku da, baina zalantzan dago bere jaioterria. Bizitza osoan zehar mantendu zuen harremana Lukuko senitartekoekin. Lanbide nabarmenak izan zituen: idazlea izan zen hainbat tratatu teologikotan; Salamancan eta Huescan izan zituen katedrak, eta eskolak eman zituen; Indietako kontseilari izan zen, Hernan Cortesen harreran hartu zuen parte, 1540an itzuli zenean; Salamancako apezpikuaren hornitzaile nagusi eta Toledoko artzapezpikuaren kontseilari izan zen, eta baita Juan de Tavera kardenal boteretsuaren idazkari ere, Santiago de Compostelako artzapezpiku izan zenean; Calahorrako apezpiku izan zen (1545-1556); eta Trentoko kontzilioko aita izan zen 1546 eta 1552 artean.

 Juan Díaz de Lucoren familiako beste zenbait kide Ubarrundiako Ermandadearen ordezkari izan ziren Batzar Orokorretan; Juan Hurtado de Luco izeneko bat San Adriango gotorlekuko teniente izan zen; 1555ean, Bernal Diaz de Luco Vitoria-Gasteiz hiriko ermandadeko alkate izan zen.