estalita dago gaur egun; muinorik altuenetako baten hegalean zegoen, Zadorra ibaiaren ertzean. Herriko erdigune izan zena Zuatza irlan ikus daiteke oraindik; gaur egun eliza zaharraren aztarnaren bat gelditzen da, erdi aroko ataria zuena, pieza asko desmuntatu diren arren. 1927an bota zuten eliza zaharra: ganga-formako estalkia zuen, eta nabarmentzeko moduko eraikina zen, altueragatik eta eraikuntza-elementuengatik. Eraikinak ez zeukan kontrahormarik, eta horixe izan daiteke ganga erori izanaren arrazoia.

Urte horretan bertan eraiki zen eliza berria, Pedro de Asua y Mendia arkitektoak diseinatua. Abadetxe bat zeukan ondoan, eta atari zaharretik zeukan sarbidea. Eraikin berri honetan ez zuen lekurik XVII. mendean egindako erretaulak, eta txikiago bat jarri zen, barroko berandukoa.

Landako goreneko auzoetan bizi da gaur egun jendea. Lau auzo dira: Iñurrieta, Errotamendi, Bentabarri (1930eko izendegi estatistikoan Arlaban izenarekin ageri da) eta Landa. Azkeneko hau da erdigunea, eta bertan eraiki zen eliza berri bat, txikiagoa, aurreko biak urez estalita baitzeuden. Eliza hau berria da, San Bartolomeren omenez egina. Oinplano laukizuzena du, eta bi kanpai-arku daude eraikinean, alde banatara hegal zabalekin. Ertzetan, bolak daude pinakuluetan jarrita (garaian bertako estiloan dago eraikita, “boterearen arkitektura” deritzona eredutzat hartuz, Escorial-etik hartzen dituelarik elementuak”).

Landan beste hiru ermita ere badaude dokumentatuta: Pietatearen Andre Maria, San Juan Bataiatzailea eta Axpeko San Migel.

Donemiliagako dokumentuan aipatzen da Landa, gainontzeko herriak bezala. Ubarrundiako Ermandadeko kide izan zen, Dukearen Ermandadeen barruan, baina, Uribarri-Ganboarekin batera, Ganboako haranaren parte zen.

Iturri dokumentalen arabera, Landan erdi aroko eraikin fortifikatu bat egon zen. Bertako jaunak San Bartolomeren elizako patroiak ziren, eta beraien patronatua elizan erakusten zuten, Landatarren ezkutuetan.

XVI. mendearen amaieran, Fray Juan de Vitoriak Landako eraikin horren inguruan 1585 zutik zegoela diosku, eta dorrea indartsu eta ona zuela. Pedro Gonzalez de Landa aipatzen du, dorreko gizona, zaldunen kapitaina, 1538an hil zena. Landa abizena Carlos Iaren eta bere amaren gortean aurki dezakegu jada. Otxoa de Landak hainbat lan diplomatiko egin zituen enperadorearen zerbitzura, eta Arroiaben lurperatu zuten, bere emaztearekin batera. Hortik aurrera hasi zen Landatarren leinu luzea.

Arlabango portuan gatazka odoltsuak izan ziren gerra karlistetan, igarobide estrategikoa baitzen.