Betolatza ere Donemiliagako dokumentuan ageri da, 1025ean. Ubarrundiako Ermandadeko kide izan zen, Infanterriko Dukearen lurretan.

Erdi aroan kokaleku garrantzitsua izan zen, Arabako komunikazio-bideetan: lautadarako bidean dago, eta baita Gorbeiarako bideetan, Aramaioko haranerakoan eta Ganboa eta Arlaban arteko igarobidean ere. Pasabide izaera hura zela eta, dorre batek babesten zuen herria, ondo dokumentatua egon arren gaur egun desagertuta dagoena. Fray Juan de Vitoriak 1691n honakoa zioen: bi orube zeudela Betolatzan, bat handia eta aberatsa. Etxe handi bat ere bazegoela zioen, gaztelu erakoa, hobi eta zubi altxagarri eta guzti, hondatzen hasia. Bertako jaunei buruz, zera dio: Mendozatarren leinukoa zela, ezkontza bidez lortua.

Betolatzako orube horiek dira, seguru asko, abizen toponimikoaren jatorria. Iñigez, Diaz, Martinez eta Gartzia patronimikoekin batera, erdi arotik ageri dira Arabako historian.

XIII. mendean jada Martin Perez de Betolatza ageri da, Arriagako Batzarretara joaten ziren Arabako Kofradietako kide gisa. XVI. mendean, Ermandadeen Batzar Orokorretan, Barrundiako ordezkari gisa ageri da Fernando de Betolatza prokuradorea (1505-1510), eta 1562an, Bartolome de Betolatza, Ubarrundiako Ermandadeko alkatea. Zinegotzi karguetan, parrokiakoetan, armagizonen izendapenetan… ere ageri da Betolatza.

Juan Perez de Betolatza: 1596an argitaratu zen Bilbon “Doctrina Cristiana, Betolatza doktorearena; hain zuzen ere, bizkaieraz idatzitako lehenengo lana. Betolatzakoa zen, eta Galtzadako Santo Domingon onuraduna.