Arratzua-Ubarrundia udalerriko herriburua, 541 metroko altueran dagoena. Nekazal-lur lauez inguratuta dago, muino txiki batean, Zadorra ibaiaren ezkerraldean, Vitoria-Gasteiztik 5 km ingurura.

Udalerriko gainontzeko herri guztiak bezala, Donemiliagako dokumentuan ageri da, 1025ean. Arratzuako Ermandadeko kide izan zen; hain zuzen ere, Ermandade hau “Dukearen lurrak” osatzen zituenetako bat zen.

Erromatarren kokaleku batean du jatorria, eta hortik letorke Durana izena, “Duranius” andronimotik eratorria.

Herri honetako lautadetan gertatu zen Komunitateen arteko gerla Araban, 1521ean. Mende batzuk geroago, zelai berberak independentziaren gerraren lekuko izan ziren. Bertan garaitu zituzten, 1813ko ekainaren 21ean, Napoleonen tropak. Ondoren, berriz garaitu zituzten Gasteizen, “Gasteizko bataila” ezagunean.

Herria bi gunetan dago banatuta, bat Zadorra ibaiaren ezkerrean (Eliza dago bertan) eta bestea eskuinaldean, garai bateko Lizarra-Maltzaga ferrokarril-bidearen inguruan sortua. Trenbidea ezagunagoa da “vasco-navarro” izendapenarekin. Gaur egun, garai bateko trenbidea bizikletentzako bide bihurtu da, Vitoria-Gasteiz eta urtegia lotzen dituena.

Ekonomiaren aldetik, nekazaritza da nagusi; produktu garrantzitsuenak zekaleak, patata eta erremolatxa dira. Vitoria-Gasteiztik bertan dagoenez, eta inguruan industriagune zabalak dituenez, Durana gaur egun erakargarria da familia bakarreko etxebizitzen eraikuntzarako. Horrek biztanle kopurua handitzea ekarri du: gaur egun 346 ditu.