Herri polit honen gaur egungo estetika bere izen berbera duen urtegiak eragindakoa da, uraren gutizia morfologikoak direla eta. 559 metroko altueran dago.

Vitoria-Gasteizetik bertara iristeko A-2003 errepidea hartu beharra dago, Arratzua-Ubarrundia udalerria zeharkatzen duena. Durana, Mendibil eta Arroiabe herriak pasa ondoren Uribarri Ganboara iritsiko zara. Garai bateko Zadorra ibaiko urek, gaur egun urtegian bilduta daudenek, bustitzen dute herria. Zadorra Arabako ibai nagusia da, Entziako mendizerran jaio eta muino artean joan eta Maturanara iristen dena. Hemendik aurrera ur geldidun leku ikusgarriak sortzen dira, herrigune txikien inguruetan. Horietako bat da Uribarri Ganboa.

Geografia

Herri honetako tontor altuenak Izuskiza mendian daude, 800 metrotan. Inguruan ditu, era berean, Albertiako tontorrak, 868 metro dituztenak, eta Jarindo, 896 metrotan. Erliebe handidun lekua denez, baso ugari daude: inguruneko katalogo botanikoa aberatsa eta anitza da. Haritzak eta pagoak ugari daude (euretako asko ehun urtetik gorakoak), eta bertako koniferoak ere badaude. Zuhaixkak ere asko daude: elorri beltza, intsusa, zuhandorra, arbustua, gorostia, arantza, iratzea... Urtaroen arabera, mendi hauetan dauden zelai txikiak kanpai formako kukubelar koloretsuz apaintzen dira, eta baita San Jose lore edo “Kanpantxo” (inguruan ematen zaien izena) horiz ere. Apur bat jeisten baldin bagara, Uribarri Ganboa inguratzen duten mendiek garriga ederrak dituztela ikusiko dugu, eremu mortuetan oso ohikoak diren bazka motarekin; hau da, txilardi ugarirekin. Txilarra, ezaguna denez, erratzak egitek oso erabilia zen. Herriko etxeetako batean Jesus Ortiz de Elgea jaunak bere erratz-lantegia zeukan, eta 1996an hil zen arte jardun zuen lanbide horretan.

Inguru honi bisita egiteko, urteko edozein sasoi da egokia. Ibilbide bat proposatzen dizuegu:  “mendiko korta” deitzen dutenetik Albertiako gainera igotzen den bidean zehar. Bertan, hosto erorkorreko zuhaitzez osatutako basoa igaroko dugu, hosto iraunkordun hainbat zuhaitzek kolore-ukitu polita ematen diotena udazkenean (udaberrian baino ikusgarriagoa izan daiteke garai hau). Baso-giro zoragarria biziko dugu bertan, animaliaren bat ikusteko aukera ere izan dezakegu, kutsatutako eremuetatik urrun dagoen ingurune batean baikabiltza. Ibilbideko punturik altuenera iristen garenean, ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu: Legutioko eremua ainubetik, Ganboako arana eguzkiak jotzen duen aldetik. Isolatutako txokoak aurkituko ditugu, ezkutukoak, beste ibilbide jendetsuagoetako joanetorri eta zaratatik aldenduak. Ibiltariak harreman zuzena eduki ahal izango du naturarekin, eta isolamendu-sentsazio atsegin batez gozatu ahal izango du.

Beste ibilbide batek, urtegiaren inguruan doanak, Uribarri Ganboa eta Landa lotzen ditu. Soro eta baso txikien artean doa bidea. Adineko jendearentzako, gainera, onura bat du: ez dauka gorabehera handirik. Urtegiaren morfologiarekin ezin egokiago egiten du bat ibilbide honek, uraren sartu-irtenak eta errekastoak egurrezko pasabideen bidez ekidinez. Bertatik, urtegiko bazter guztiak ikusi ahal izango duzu, landarediaren eta faunaren aniztasunaz gozatuz.

Datu historikoak

Uribarri Ganboari buruzko lehenengo testigantza idatziak 952 urtekoak dira. Diego Bielas nobleak Donemiliagako monasterioari, bertan lurperatu behar baitzuten, hainbat jabetza eman zizkion, Arabako lurretan kokatuak. Jabetza horien artean zeuden Leketeko zortzi etxe, Uribarri Ganboaren ondoan, eta hiru Uribarri Ganboan bertan; Ubarrundian bi etxe, eta gainontzekoak (ia berrogei) Ganboako lur-eremuan.

XII. mendean Uribarri eta Lehete elkarrekin agertzen dira, 1156an, Rodrigo de Cascante apezpikuaren dokumentazioan. Biak azaltzen dira eliza propioarekin.

Uribarri Ganboa Ubarrundiako Ermandadearen parte zen, hau da, Mendozatarren jaurerriko kide ziren Arabako Ermandadeetako bat. Geroago, Infanterri titulua izango zuten.

Uribarri eta Landa, geografikoki, Ganboako haranean daude, baina administratiboki ez zen Ganboako Ermandadearen kide izan, Ubarrundiako kide baizik, hau da, Mendozatarren jaurerriko kide. Bizkaia eta Gipuzkoa Nafarroa eta Gaztelarekin lotzen zituzten komunikabideen bidegurutzean aurkitzen zen: pasabiderik garrantzitsuena izan zen Frantziako mugara joateko, “Erregebide” historikoan zehar, Leintz eta Gasteiz lotuz. Ubarrundiatarren Ermandadearen kide izatea Mendozatarren interesaren ondorio da: hauek Gipuzkoako mugaraino iritsi nahi zuten. Beraz, Uribarri Ganboa ingurua Mendozatarren boteregune bat zen, beren ermandadeen bidez Araba erdigunetik probintziako ertzetaraino (eta hortik, itsao alderaino, Errioxaraino eta Gaztelaraino) zihoazen bideak kontrolatzen baitzituzten.

XIII. mendean eta XIV. Mendearen lehenengo herenean Lautadako leinu nagusiak hasi ziren protagonismoa hartzen, errekonkistan parte hartuz; horien artean zeuden Mendozatarrak,  Kolodroak eta Gebararrak. Azken hauei dagokienez, badaude lekukotzak esaten dutenak 1224an Juan Velez de Gebarak Andujarren borroka egin zuela, eta bere seme Don Ladronek eta Don Iñigok gauza bera egin zutela Teobaldo IIaren gurutzadetako ejertzitoekin. Dinastia honetatik dator Santxo Perez, bereaita Pero Ladronengandik Uribarri Ganboa heredatu zuena, honako ezkutuarekin: hiru panel urdin, zelai urreztatu baten gainean.

Behe Erdi Aroan eta Garai Modernoan Uribarri garrantzitsua izan zen, bertatik igarotzen zen bidearengatik: “Erregebidearen” leku estrategiko batean zegoen, Gaztelatik zetorrena, Gasteiz zeharkatu, Uribarritik pasa, Leintzera irits eta Frantziaraino zihoana. Zadorra gainean Uribarrin eraiki zen zubia ibilbide honetako pasabide garrantzitsua izan zen. 1765etik aurrera, gainera, garrantzia handiagoa izan zuen bide honek: “Posta-erregebidea” eraiki zen. Araba zeharkatzen zuen honek, Rivabellosatik Arlabanera, eta Frantziako mugaraino iristen zen, Armiñongo zubia, La Puebla, Gasteiz, Uribarri Ganboa eta Leintz Gatzaga atzean utziz. Uribarri Ganboa, beraz, garai hartako bideen gida garrantzitsuenetan azaltzen zen.

Horretaz gain, bazituen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen zituen bide garrantzitsu zenbait ere, Lautadaranzko eta Errioxa eta Gaztelaranzko pasabideak, hain zuzen ere.

Pasoko lekua zenez, hainbat herritarrek zituzten horrekin lotutako negozioak: mandazainak... Gainera, ostatua eta txiroentzako ospitala ere bazituen, bidean zihoan jendearentzako arretarako. XVII. mendean errota handi baten lekukotza ere badago, baina, “gurpil-etxe” hori oroitzapenetan soilik dago bizirik, gaur egun urpean baitago.