Ganboako Ermandadearen kide izan zen. Donemiliagako dokumentuan ageri da, XI. Menderako, Moiorekin (desagertutako herriarekin) batera urtero hiru pieza ordaintzen baitzizkion Errioxako monastegiari. Itxura denez, herri aberatsa zen, Tarifako gerrarako 800 marabediko ekarpena egin baitzuen, Arabako herriek ordaindu zutenaren bataz bestekotik oso gorako kopurua.

Langara bide garrantzitsuen pasaleku izan da erdi arotik: Arroiaberekin harreman zuzena zuen, Landa Zadorraz bestaldean zegoen... Gasteizetik zetorren eta Uribarri-Ganboa eta Arratzuatik igarotze zen bidea, “Gasteizetik Gatzagara doan eskuinaldeko bidea” izenez ezagutua, ere, bertatik igarotzen zen. Bide hori Errege-errepidea zen, Uribarri Ganboatik igarotzen zena, eta inguruko ardatz geografiko nagusi eta erreferentziala zen.

1556an, Martin Gil lizentziatuak Langarako eliza bisitatu zuen, eta horren lekukotza utzi. Garai hartan bost onuradunek egiten zuten San Esteban elizako zerbitzua; beraz, inguruko elizen aldean maila goragokoa da. Bisita horren Langarako ospitalea ere aipatzen du.

Langara eskribauen herria da: bertan nabarmentzen da Andres Beltran de Nanclares, prokuradorea eta batzarkidea. Geroago azaltzen da Juan Beltran de Gebara, eskribaua eta batzarkidea hau ere, 1581etik aurrera probintziako batzarretako akta askotan azaltzen dena.

Mihiztatzaile eta harginen herria ere izan zen Langara: XVI. eta XVII. mendeetan, eskribauen protokoloetan, harginen hainbat belaunaldi azaltzen dira: Francisco Perez de Lazkano, Juan Fernandez de Kixon, Hernando Diaz de Nanclares, Martin de Mendiola.

San Estebanen parrokia eta herriaren zati bat Ganboako bailara urez estali zuten lur-eremutik kanpo gelditu ziren, kokalekua gorago dutelako. Eliza, gaur egun gurtzarako erabiltzen ez dena, jabetza pribatukoa da. Manposteriazko eraikin bat da, neurri handikoa, burualde zuzenduna, XVI. eta XVII. mendeen artean eraikia. Aurrez, eraikin erromaniko bat zegoen bertan, eta lehiateak eta kapitel pare bat dira horren lekuko: Gerardo Lopez de Gereñuk atera zien argazkia, eta 1962an liburu batean argitaratu. Elizbarrutiaren museoan ere hala ikus genezake: lehiate erromaniko bat erakusten digu, guztiz landutako eta saski-motiboz apaindutako lau fusterekin, hatzapar formako oinarri eta guzti. Kapitelek landare-motiboak eta kiribilak dituzte goialdean; barrualdeko kapitelean zaldu bat dago, lantza, ezkutu eta bi pertsonaiak lagunduta. Ezkerreko kapitelak karatula bat du, ahotik filamentuak ateratzen zaizkiolarik.

Kanpandorrea oso ederra da, eta bertatik haranean dagoen ubide guztia ikus daiteke. Laukizuzena da, lau aldeduna. Kanpailekuak arku bikoitzak ditu, iparraldeko fatxadan kenduta: bertan, arku bakar zabalago bat du. Erdi aroko eraikina egin ondorenean egingo zen berau, XVI. mendean.

Martin Gil lizentziatuak, Calahorrako apezpikuaren bisitatzaileak, 1556ean lau ermita erregistratu zituen Langaran, gaur egun galduta daudenak: Santa Kruz, Argillanako San Juan, Armillako San Sebastian eta Moioko San Martin. Bi kofradia ere bai: San Sebastianena eta San Martinena.

Aurrez esan dugun bezala, Langara Ganboa hasieran Ermandadearen kide izan zen, eta geroago Ganboako Udaleko parte. Udal hori Gobernadore Zibilak desegin zuen 1958ko apirilaren 9an. Prozesuarekin jarraituz, maiatzaren 10ean Ganboako udalerriaren lur-eremua zatitzea erabaki zen: horren ondorioz, Langara Ganboa eta Mendizabal Arratzua-Ubarrundiako udalerriaren parte izatera pasa ziren